XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ENERGIA NUKLEARRA

Martxan 27 urte daramatza Euskal Herritik bost kilometrotara dagoen Garoñako zentral nuklearrak.

Arrailaduren itzalak marraztu du abian den Espainiako zentral zaharrenaren historia eta hau ixteko aldarrikapenak kalea hartuko du datorren larunbatean.

GAROÑAREN ARRAILADURAK BEHIN-BETIRAKO IXTEKO OIHUA

Bi eraikinek osatzen dute Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra.

Hauetako bat, karratu samarra, erreaktorea da; bestea, 100 metroko lauki luze formakoa, turbotaldearen nabea.

Barruan dituzte 100.000 metro karratu hormigoi, 12.000 tona altzairu eta 600.000 metro kable.

Hesi handi bat dute eraikinok inguruan eta hortik barrena igarotzeko dagoen ate bakarretik sartu nahi izan dugunean goardia zibilekin topo egin dugu, sarbidea kontrolatzen.

Zentrala ezagutzeko bisitaldi antolatuak jasotzen dituzte bertako Informazio Zentroko arduradunek, Elias Fernandez Kanpo Harremanetarako Saileko zerbitzuburuak azaldu digunez, baina egunotan errekargarako geldiketa egin dute eta ez dago bisitaldirik; ia 2.000 langile ari omen dira lan horretan 400-500 pertsonak lan egiten dute, bestela, ohiko lan-sisteman eta nahaste gehiegi, beraz, barruan.

Errekargarako geldiketak bi urtean behin egiten dituzte zentral honetan.

Zer da geldiketa honetan egiten dena, normalean baino lau aldiz langile gehiagorekin?

Erregaia aldatzen dutenez, behaketa eta mantenimendu lan zehatza.

Oraingoan erreaktoreko ontzi barnean dagoen kupeltxo bat aldatuko dute, zartatuta baitago.

Azken bi urteotan bigarren geldiketa da orain amaitzear dagoen hau (ohikoa baino bat gehiago) eta, aldaketarik ez bada, hurrengoa bi urte barru egingo dutela dio Fernandezek.

Energia elektrikoa egiteko erreaktoreko ontzian sortzen den fisio nuklearraz baliatzen dira zentral nuklearrak.

Horrek bereizten ditu horrelako zentralak, Euskal Herriko mugatik bost kilometrotara dagoen Garoñakoa barne.

Ura da energia sortzeko prozesuaren hasiera.

Ontzi bat dago non uranioaren berotasunak ura berotzen duen lurrin bilakatu arte.

Lurrina hodi batzuetatik turbina batera doa eta energia kalorifikoa zinetiko bihurtzen da, kondentsatuz, eta 460.000 Kw potentziako sorgailua mugitzen du turbinak.

Lurrinaren kondentsazioa, azkenik.

Ebro ibaiko urak hoztutako tutu-formako sortak amaitzen du.

Eta elikatze-bonbek itzultzen dute ontzira lehenagotik berotako ur hori.

Euste sistema da, ordea, kezka sortzen duen funtzionamenduko osagaia.

Euste sistemaren funtzioa material errektiboa erreakzio-ontzitik material hau kanpora ateratzea ekiditea da, ingurune itxi eta kontrolatu baten barruan gelditzen delarik.

Eguzki talde ekologistako Alberto Friasek dionez, Garoñakoa Mark I delakoa da, General Electric-ek alternatiba merkea bezala diseinatua; sistema hau erreaktorea inguratzen duen ur ontzian oinarritzen da, matxura gertatzekotan askaturiko lurrina urten burbuileztatuaz kondentsatu egiten dela.

Nuklear Segurantzarako Kontseiluak sistema honek jasotako kritikak onartu egin ditu, baina ordezkapena exijitu beharrean Garoñakoan aldaketa txiki batzuk eskatu besterik ez du egin.

ZENTRALAREN FUNTZIONAMENDUA


1- Gunea
2- Kontrol hagak
3- Berzirkulazio bonba
4- Lurrin banatzaileak
5- Lurrin lehortzaileak
6- Ontzia
7- Blindatze horma
8- Putzu lehorra
9- Lehen mailako eustea
10- CRD kontrol unitateak
11- Bero bonba eta aldatzaileak
12- Ur garbiketa sistemak
13- Xahututako erregaien piszina
14- Lehortzaile eta banatzaileentzat piszina
15- 75 Tonako garabi zubiaren erraila
16- HPCI sistema
17- Supresio ganbara
18- Bigarren mailako eustea

ARRAILADUREK zedarritu dute zentralaren historia luzea.

Bost milioi pezetako kapital sozialaz hornituta sortu zuten Nuclenor (Iparraldeko Zentral Nuklearren Elkarte Anonimoa) Iberduerok eta Electra de Viesgok.

1966an hasi zituzten Burgoseko Tobalina bailaran Ebro ibaiaren alboan beharrezkoa baitzen ur aniztun gune bat zentrala eraikitzeko lanak eta 1970erako Santa Maria de Garoñak bazuen ustiapen baimena.